XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BIDAIAN zehar Vaniak bere indarra neurtzeko aukera izan zuen.

Besteentzako egite onik egin barik pasatutako egunak gutxi izan ziren.

Honela, adibidez, egun batetan satsez betetako bere orga ondoan zihoan nekazari batekin egin zuen topo, baina zoritxarrez orga lokatzetara jausi zitzaion, basatan ardatzeraino hondoratuz.

Nekazaria, senetik aterata, zartailua hartu eta idi biak zigortzen hasi zen.

Hauek uztarriari eutsiz eta marraoka, ahaleginetan tiraka zebiltzan... baina alferrik.

Orga ez zen ezertxo ere mugitzen bere lekutik.

Orduan Vania hurbildu eta atzetik orga bultzatu zuen, indar handirik gabe, esku batekin bakarrik.

Idiak ia muturrez aurrera erori ziren lokatz artetik orga atera zen abiadurak eraginda.

Beste batetan hiru zaldunekin topo egin zuen ibai baten uberan; hauek kosakoak ziren.

Haietako batek arma eta hornigaiz zamatutako zaldia zeraman ahasoka luzeaz lagundurik.

Baina ubera zeharkatzean, zera gertatu zitzaion, zaldiak ez zuela inolaz ere uretan sartu nahi.

Zenbat eta madarikazio eta oihu gehiago egin kosakoek, orduan eta setatiago jartzen zen animalia.

Azkenik Vaniak parte hartu behar izan zuen: - Zergatik horrenbeste birao, irtenbide erraza egonik? Animalia tematiaren zilborpean makurtu zen, uhaletatik hartu eta lepo gainean jarri zuen, artzaiek inoiz ardi gaisoekin egiten duten bezalaxe.

Arma eta hornigaiekin batera beste bazterrera pasatu zuen eta munduko gauza errazena balitz bezala lurrean utzi.